In memoriam
Txelo, bizitza tragoka
Iñaki Zaratiegi

Iñaki Zaratiegik irakurritakoa bere omenaldi egunean

2006ko uztaila zen, arratsalde argitsu bat, eta Mikel Laboak amaitu berri zuen Bob Dylanen aurretik egin zuen saioa Zurriolako hondartzan. Eszenaren hurbileko terrazan taberna bat zegoen. Kantari amerikarra Like a Rolling Stone-rekin zebilen jada, eta hondartza lepo betetzen zuten 50.000 entzuleek ez zuten egarri handirik, antza, barraren ertzean hiru bezero bakarrik baitzeuden: Mikel Laboa bera, Txelo Larretxea Goñi ‘Maldaburu’ eta Jose Luis Zumeta pintorea (Laboaren diskoetako azalen egilea berau, eta Txeloren bitartez Viento Sur aldizkariari azalen bat debalde emandakoa).

Hirukote horren estanpa hondartzako txosnan, Hernaniko kamaradaren argazki natural eta berezkoa da. Bere lagun Rafa Egigurenek ederzale gisa definitu du. Ederzale izateaz gain, gozazalea ere bazen. Gozatu edertasunarekin, eta, batez ere, bizitzarekin, adiskidetasunarekin, errebeldiarekin… Hori salatzen zuten hain berezkoa zuen umorearen eta ironiaren zentzuak, bere betiko barre trufariak.

LKIrentzat dirua bildu behar zenean, ‘Maldak’, beste lagun militante batzuekin batera, Txalupa Kultur Eragintza sustapenerako elkartea sortu zuen. Eta ontzi hartan bidaiatu zuten elkarrekin militantzia politikoak, kezka kulturalak eta parrandarako gogoak. Txalupak Alan Stivell aurkeztu zuen Euskal Herrian eta bretoiaren errepertorioa euskaratu zuen, Egin-ek argitaratuko zuen koaderno batean. Mitinak eta erreibindikazio ekitaldiak animatu zituen Bretaniako Gwendal edo Eskoziako Boys of The Lough-en doinu zeltiarrekin. Programatu zituen Imanol, Zeca Afonso, Labordeta, Moustaki, Beñat Achiary-ren Urria taldea, Vainica Doble, Labanda… eta antolatu zituen Mike Oldfield, Eric Burdon, Ramones eta abarren bisitak. Euskal rock erradikalean lagundu zuen Hertzainak taldearekin. Hainbat musika eta estetika motaren kaleidoskopioa.

Txelok anaia Kubako erbestean zeukan, eta hortik sortu ziren proposamen ludiko-kultural zenbait, Ateri Kultur Baita sustatzailearen bidez: “Habanara joan nintzen”, “Orain CHE bertan” eta Atlantikoaz gaindiko elkarlan oparoa garatu zen, Pablo Milanés, Silvio Rodríguez, Chucho Valdés eta Los Van-Van taldea eta beste sortzaile batzuekin. Dozenaka ekimenetan utzi zuen arrastoa: nuklearren kontrako makro-jaialdietatik hasi eta Egin itxi ondoren Gara-ren jaiotza ospatu zuen festaraino. 1981eko maiatzeko gau euritsu batean, aurreskua jo zien txistuarekin The Clash-eko punkiei, Anoetako Belodromoan.

2009an agur esan genion Zarautzen Danel Iruretagoiena Yarzari, Txalupako troskoa hura ere. Orduan, kamaradari agur esatearen atsekabeari beste hau ere batu zitzaion: Txelo gurpil- aulkian ikustearena. Hala ere, bere bizitzeko gogoak gure samina gainditu zuen, eta animatu gintuen, irribarrea ahoan, aulkia Malekoitik Musika Plazaraino bultzatzera, lagunari merezi zuen despedida egitearren.

Migel Anjelek tragoka edan zuen bizitzaren gozamenetik, adiskidetasunetik, militantzia politikotik, kultura-ekintzailetzatik. Eterraren zokoren batean ibiliko da poteatzen bere anaiarekin, Mikelekin, Danelekin, Labordetarekin, Miguel Romero ‘Moro’rekin eta joan diren beste hainbat lagunekin. Adiskidetuta, seguruenik, bere lehengusu Imanolekin, adiskidetasun hutsa zen harekin haserretzeko anomalia izan baitzuen kantariak.







Agenda
Actos
Madrid. 13 de diciembre de 2018, 19:30h
Casa de Cultura y Participación Ciudadana de Chamberí Pza del Parque Móvil
Actos
Madrid. 15 de diciembre de 2018, 13:00h
Concentración ante el Tribunal Supremo (Plaza Villa de Paris)
foro viento sur
Madrid. 19 de diciembre de 2018, 19:00h
Traficantes de Sueños Calle Duque de Alba 13









Facebook Twitter RSS

vientosur.info | Diseño y desarrollo en Spip por Freepress S. Coop. Mad.
 
Reconocimiento-NoComercial-CompartirIgual Los contenidos de texto, audio e imagen de esta web están bajo una licencia de Creative Commons