Komunismoa eta estalinismoa
“Komunismoaren Liburu Beltza”-ri erantzunez
Daniel Bensaïd

Erreferentziak iluntzeko ahalegin eskerga.

Jadanik 1995ean, François Furet-ek bere liburu lodikotean ( Ilusio baten Iragana) aurkeztu omen zuen komunismo zenduaren hilarri gisa, Stéphane Courtois-ek koordinaturiko historialari talde batek, 1997an, lan are itzelagoa, Komunismoaren Liburu beltza, argitaratu zuen. Krimenak, terrorea, errepresioa. Zortzirehun orrialde komunismoak munduan zehar buruturiko krimenen inbentarioa egiteko eta bere historia zeharkatzen duten gorpuak kontatzeko.

Oraingo honetan komunismoa hilobitik atera nahi da beraren epaiketa egiteko. Beldurrez, agian, ez ote duen munduan zehar jarraituko… Nazismoak izan zuen bere Nuremberg. Zeren zain gaude komunismoaren Nuremberg bat antolatzeko? galdetzen du gure historialariak, bere burua epaile izendatuz eta epaia aurreratuz: komunismoa, estalinismotik bereizi ezina, gutxienez nazismoa bezain kriminala agertu da. Erreferentzia guneak ilundu-arazteko eta kontzientziak noragabetzeko ahalegin eskerga, zeren azken finean, mendea gorpu-pilaketa bat soilik, Urriako iraultza ankasartze bat eta ideal komunista munstrokeri deitoragarri bat bihurtzen baiditu. Historia ez dadin errepresioa bihurtu, arrazoiak ez dezan suminduraren aurrean amore eman, biktimak eta borreroak nahas ez daitezen, komeni da lehenik Urriako Iraultzara itzultzea, gertakizun hori aztertzeko, eta handik etorkizunerako ikasgaiak ateratzeko. Urriako iraultza handiegia da inkisidore gisa tronuan jarritako historialari batentzat.

Zeren horrelako gertakizun bat ez da giza historian inoiz ere ahazten, agerian jarri bait zuen giza naturan, ordurarte gertaturikoen ibilbidean edozein politikok argudiatu dezakeen hobetze-alderako jarrera eta gaitasuna, eta horrek soilik iragarri dezake eskubidearen berezko printzipioen araberako naturaren eta askatasunaren kontziliazioa gizadiarengan, eta horrela da nahiz eta denborari dagokionez, gertakizun zehatzgabe eta gorabeharatsua izan. Baina, nahiz eta, ezta orain ere ez, gertakizun horrekin aurreikusitako helburua lortzen ez bada ere, iraultza edo herri baten konstituzioaren erreforma porrotean bukatuko balitz ere, edo hau dena, denbora batez iraun ondoren (politikoek gaur egun profetizatzen duten bezala) lehenagoko bidetara itzuliko balitz, hala eta guztiz ere, aurreikuspen filosofiko honek ez luke bere indarratik ezer galduko. Zeren gertakizun hau, itzelegia da, gizadiaren interesarekin hain estuki lotua dago eta munduan zehar beraren eragina hain zabaldua dago, baldintza egokiak ematen direnetan herriek berriro gogorarazia izango dela ildo bereko saiakera berriak errepikatu ahal izateko”. Emmanuel Kant, Gaitasunen gatazka, 1798.

Hauxe da argitu beharreko auzia: gertaeren ibilbide hori bene benetan jarraia da edota gertaeren bi serie dira, elkarrekin estuki lotuak, bainan hala ere bizimodu desberdinetara eramaten dutenak, bi mundu politiko eta moral desberdinetara? Auzi hau argitzen ez badugu, gaur egun ere deskuidoz arriskugarriak bihur gaitezke. Zeren meditatu gabeko iraganak aurreiritzi zitalenak pizten bait ditu eta kontzientzia politikoari politikaren eremuan sartzera debekatzen dio”. Mikhaël Guefter, «Staline est mort hier» in L’Homme et la société, 1987.

1798an, erreakzio garaia bete betean, Emmanuel Kantek Frantziako Iraultzari buruz idazten zuen horrelako gertakizun bat, porrotak eta atzerapausoak baino haratago, ezin dela ahaztu. Zeren, denboraren urradura horretan, ikusgarri bihurtu bait zen, nahiz eta modu iheskorrean, gizadi askatuaren promesa. Gure auzia da jakitea ia gaur Urria izenarekin loturiko promesa handia, munduko zarrada hura, lehen mundu sarraskiaren ilunbeetatik sorturiko dizdira hura, bera ere “herriek berriro gogoratua” izango ote den. Hori da jokoan dagoena, eta ez “obligaziozko oroimen” batengatik (nozio desitxuratua hau ere), baizik eta memoriaren inguruko lan eta borroka bati begira. 1917ko Urriako iraultzaren 80. urteurrena oharkabean igarotzeko arriskuan zegoen. Komunismoaren Liburu Beltza-ren argitarapenak izan du, behintzat, “Urriako auzia” mahai gainean jartzeko meritua. Ez da kereila horri dagokionez inoiz errekontziliaziorik izango. Stéphane Curtoisek, taldearen zuzendariak, argi esan du: operazio honen helburua komunismo eta estalinismoaren artean, Lenin eta Stalinen artean, hastapen iraultzailearen irradiazioaren eta Gulag izoztuaren ilunabarraren artean jarraiera zurruna, erabateko koherentzia, ezartzea da: “Estalinista eta komunista, gauza bera da” idazten du Journal de Dimanche aldizkarian (azaroaren 9an). Erabakiorra da kiribilarik gabe erantzutea Mikhaël Guefter historialari sobietar handiak planteatutako galderari: “Hauxe da argitu beharreko auzia: gertaeren ibilbide hori bene benetan jarraia al da edota gertaeren bi serie dira, elkarrekin estuki lotuak, bainan, hala ere, bizimodu desberdinetara eramaten dutenak, bi mundu politiko eta moral desberdinetara? Auzi hau argitzen ez badugu, gaur egun ere deskuidoz arriskugarriak bihur gaitezke. Zeren meditatu gabeko iraganak aurreiritzi zitalenak pizten bait ditu eta kontzientzia politikoari politikaren eremuan sartzera debekatzen dio”. Mikhaël Guefter, «Staline est mort hier» in L’Homme et la société, 1987.

Galdera erabakiorra, alajaina, amaitzen ari den mendearen ulergarritasuna eta aurreratzen ari den mende tormentatuarekiko gure konpromezua gidatzen duena: batzuk onartzen edo baiesten duten bezala, estalinismoa egitasmo komunistaren “luzapen tragikoa” edo “desbideraketa soila” baino ez balitz izango, orduan egitasmo komunistari berari buruzko ondorio erradikalenak atera beharko litzateke.

Mende bukaerako prozesua

Hori da, bestalde, Liburu Beltza-ren sustatzaileek nahi dutena. Arraroa litzateke, bestela, Stéphane Courtoisen eta prentsako hainbat artikuluen gerra hotzaren doinu hori, nahikoa anakronikoa. Kapitalismoak, “merkatu-demokrazia” gisa lotsorki berbaiatua, Sobiet Batasunaren suntsiketaren ondoren bere burua gogotsu alternatibatzat aldarrikatzen duenean, mende bukaerako garaile absoluto gisa agertzen denean, tematze horrek agerian jartzen du funtsean erreprimituriko beldur handi bat: sistemaren zauriak eta bizioak agerian agertuko ote diren beldurra, beren doble burokratikoarekin batera alibirik hoberena galdu duelako. Bere garrantzia du, bada, etorkizun desberdin bat erdikusten utz dezakeen guztiaren deabrutze prebentibo bat lantzea. Hain zuzen, imitazio estalinista hondamendian desagertzen den momentuan, orduan komunismoaren espektroak ibili ahal dezake berriro munduan zehar. Zenbat garai bateko estalinista sutsuk, estalinismoa eta komunismoa bereizi ezinez, estalinista izateari utziz komunista izateari ere uko egin diote, eta konbertsoen sugar grinatsuz jarri diren kausa liberalaren aldean? Estalinismoa eta komunismoa ez dira desberdin soilik, erabat antagonikoak baizik. Eta diferentzia hau gogoratzea ez da estalinismoaren biktima komunista ugariekiko dugun eginbehar txikiena.

Estalinismoa ez da komunismoaren aldaera bat, kontrairaultza burokratikoaren izena baizik. Izan dira militante zintzoak, nazismoaren borrokaren urgentzian edo gerren arteko krisi mundialaren ondorioetan borrokan, ez dutenak berehala horren kontzientzia hartu, eta bere bizitza urratuak emankortasunez eskaini dutenak. Bainan honek ez du ezertan auzia aldatzen. Mikhaël Guefterren galderari erantzunez, argi eta garbi esan behar da “bi mundu politiko eta moral” desberdinez eta kontzialiaezinez ari garela. Erantzun hau Stéphane Courtois-ek Liburu Beltza-n azaltzen dituen ondorioen antipodetan dago. Komunismoaren Nuremberg bat eskatu izanaz nolabait lotsatzen-defendatzen da, gai honi buruz Le Pen-ek erabiltzen duen gogoko esamoldea erabili izanagatik deseroso sentitzen delako. Haatik, Liburu Beltza-ren eszenaratzeak ez du soilik nazismo eta komunismoaren arteko diferentziak ezabatzen, iradokitzen bait du, gaia banalizatuz, alderaketa guztiz eta zurrun “objetibo” eta kontable bat eginez, nazismoaren aldeko abantaila dagoela: 25 milioi hildakoak versus 100 milioi; 20 terrore urte versus 60. Liburuaren lehen aurkezpenean aipatzen zen 100 milioi hildako kopurua. Egileen beherapenarekin 85 milioira iristen dira. M. Courtois-i berari 15 milioi ateratzen zaizkio. Oso zikin erabiltzen dira gorpuak.

Handizkako saleroslearen kontabilitate makabro honek, herrialdeak, kausak eta aldeak nahasiz, badu zinikotatik zerbait eta biktima beraiekiko errespetu falta izugarria. Sobiet Batasunaren kasuan 20 milioi biktimak kontatzera iristen dira, bainan inork ez dakit zifra horrek zer biltzen duen zehazki. Nicolas Werthek, Liburu Beltza-ri egin zion ekarpenean, ohiko estimazioei zuzenketa bat egiten die, eta hildakoen kopurua behera jotzen du. Historialariek, esaten du, gaur egun, artxibo zehatzak erabili eta gero, 1936-1938 purga handitan 690.000 biktima kalkulatzen dutela. Kopurua izugarria da, horrorea baina haratagokoa. Gainera, Gulag-ean atxiloturikoen kopuruari dagokionez, dioenez, bataz besteko urtean bi milioi izan zirela, eta horietako parte bat, uste izan dena baina garrantzitsuagoa, iritsi berriek ordezkatuak, askatuak izan ziren. Hildakoen kopurua 20 milioira iristeko, purgetako eta Gulageko xifrei erantsi beharko litzaieke, bi gosete handietan hildakoen (bost milioi 1921-1922an eta sei milioi 1932-1933an) eta gerra zibilean hilakoen kopuruak, baina azken hauek ezin dute Liburu Beltza-ren egileek frogatu, eta arrazoi askorengatik, “komunismoaren krimenak”, hau da hotzean erabakitako sarraskia mota bat gehiago izan zirenik. Horrelako prozedura ideologikoekin, ez litzateke zaila izango Kapitalaren krimenen Liburu gorria idaztea, kolonietako sarraski eta genozidioetako biktimei mundu-gerretako biktimak gehituz, lan alokatuaren martirologioa erantsiz, izurriteena, gosete endemikoenak, ez atzokoak soilik gaur egunekoak baizik kontutan hartuz. Hogeigarren mendean soilik, zenbait ehundaka milioi biktima konta daitezke.

Maiz ahazturik uzten den Hannah Arendt-en trilogiaren bigarren partean, Hannah Arendtek imperialismo modernoan ikusten zuen totalitarismoaren matriza eta Afrikako kontzentrazio eremu kolonialetan beste kontzentrazio eremu askoren atarikoa (Hannah Arendt, Totalitarismoaren jatorria, II Tomoa, Imperialismoa). Auzia ez bada zehaz kokatzen ( holako erregimena, garaia, holako gatazka zehatza), eta horren ordez auzia bada ideia bat jazartzea, orduan, zenbat hildako leporatu beharko litzaioke, mendetan zehar, kristautasunari eta ebangelioei egotzi, edo liberalismoari eta “laisser-faire” delakoari? Areago oraindik, M. Courtoisen kontabilitate fantastikoak onartuz ere, kapitalismoaren kontuan jarri beharko litzateke Mundu Gerra bietan Errusian izandako 20 milioi hildakoak. Estalinismoaren krimenak aski izugarriak dira, jende asko izan zen erahila, ikaragarriak izan ziren, gehiago erantsteko beharra izateko. Behintzat, ez bada, historiaren aztarnak apropos ezabatu nahi (Iraultza frantziarraren bigarren mendeurrenean egin nahi izan den bezala, zenbait historialari Iraultza egin nahi izan bait dute ez soilik Terrorearen edo Vendéaren arduradun, baizik eta terrore txuriaren edo iraultzaren kontrako koalizioaren aurkako gerran hildakoen edota, areago, Napoleonen gerraren biktimen arduradun).

Nazismo eta estalinismoaren arteko alderaketa egitea legitimo eta baliagarria izan daiteke. Ez da gauza berria. Ez al zuen Trotskyk esaten Hitler eta Stalin bi “izar bixkiak” zirela? Baina alderaketa ez da justifikazioa; desberdintasunak antzekotasunak bezain garrantzitsuak dira. Nazien erregimenak bere programa bete zuen eta bere promesa maltzurrak mantendu zituen. Erregimen estalinista eraiki zen emantzipazio komunistaren egitasmoaren aurka. Erregimena inposatu ahal izateko bere aldeko militanteak txikitu behar izan zituen. Zenbat disidentzik, kontrakotasunek argitzen dute bi gerren arteko bira tragiko hau? Bere buruaz beste eginak, Maiakovski, Joffé, Tucholsky, Benjamin eta beste asko gehiago? Aurkitu daiteke nazien artean, ideal traizionatu eta desitxuratu baten hondakinen aurrean, horrelako kontzientzia-krisiak? Hitlerren Alemaniak ez zuen “gezur nahasiaren herrialde” bihurtu beharrik izan, Stalinen Errusiak behar zuen bezala: naziek egindakoaz arro zeuden, burokratek ezin zuten jatorrizko komunismoaren ispiluan aurrez aurre begiratu.

Historia zehatza denboran eta espazioan diluituz eta diluituz, nahita despolitizatuz, metodoaren aukerari men eginez (Nicolas Werth-ek erreibindikatzen du argi eta garbi “historia politikoa bigarren maila batean jarri beharra” errepresioaren historia deskontextaualizatuaren hari lineala hobeto jarraitzeko), ez da itzalen teatroa baizik geratzen. Ez da orduan erregimen baten prozesua aztertu beharrik, edo garai batena, edo borrero identifikatuena, ideia batena baizik: ideia da erahiltzen duena. Idazteko genero honetan, kazetari batzuk atseginkeriaz jarri dira lanera. Jacques Amalric-ek asebetetasun handiz azpimarratzen du “utopia hilkor batek sorrarazitako errealitatea” (Liberation, azaroaren 6a). Philippe Cusinek herentzia kontzeptual bat asmatzen du: “ Komunismoaren geneetan inskribitua dago: erahiltzea naturala da” (Le Figaro, azaroak 5). Krimenaren genearen kontrako eutanasia kulturala noizko? Prozesuaren instrukzioa gertaerez, krimen zehatzez egin beharrean, ideia batez egin nahi bada, nahitaez erruduntasun kolektibo bat bilatu behar da eta intentziozko delituak. Historiaren tribunalak, Courtois-en ustetan, ez da erretroaktibo soilik. Aldi berean prebentiboa ere bada, deitoratzen duenean “iraultza ideiaren dolu-lana oraindik amaitu izatetik urrun dagoela” eta sumindu egiten da oraindik “talde iraultzaileak aktibo daudelako eta legalitate osoz espresatzen direlako”.

Damua, bene benetan, modan jarrita dago. Baldin eta Furet edo Le Roy Ladurie, Mme Kriegel edo MJ. Courtois bera, ez badira beraien dolu-lanaren amaierara iritsi, edota estalinista damutuen kontzientzia alatzen badie, edota beren ordaintza erresentimenduan egosten bada… hori beren problema da. Bainan komunistak izaten jarraitu dutenak, herrien aitaren gurtza inoiz egin gabe eta timonel handiaren liburu gorria inoiz kantatu gabe, komunistak izaten jarraitu dutenak… zertaz, M. Courtois jauna, zertaz damutu beharko dira? Seguraski anka sartu dute batzutan. Baina, mundua nola doan ikusirik, ez dira ez oker ibili kausa aukeratzeko eta etsaia definitzeko orduan. Joan ba doan mendeko tragediak ulertu ahal izateko eta horietatik etorkizunerako baliagarriak izango daitezkeen irakaskintzak ateratzeko, eszenatoki ideologikotik baino haratago joan beharra dago, eszena horretan irabiatzen ari diren itzalak baztertu, historiaren sakonetan murgildu eta aukera posible desberdinen artean erabaki eta hautatu behar izan zeneko gatazka eta istiluen logikak aztertu.

Iraultza edo estatu-kolpea? Jatorrizko pekatua? Goiztiarregia?

Urriaren 80. urteurrenaren harira Iraultza errusiarri buruzko itzulinguru kritiko bat egiteak hainbat auzi planteatzen ditu, bai historikoak eta baita auzi programatikoak. Jokuan dagoena itzela da. Ez gehiago eta ez gutxiago hauxe da: jardunbide iraultzaileari irekitako etorkizunean zer nolako gaitasuna izango dugu, e bait dute iragana guztiek geroa berdina. Haatik, artxibo sobietarrak irekiak izan eta gero (horrek ahalbidetuko du argiztapen berriak eta eztabaidagien berrikuntza) eskuragarri dauden dokumentu berrien multzoan sartu aurretik, eztabaidak talka egiten du pret-a-porter ideologiko nagusiarekin, François Furet-i berriki egindako omenaldi nekrologikoan aski argi azaldu den pentsamodearekin alegia. Kontraerreforma eta erreakzio garai hauetan ez da harritzekoa Lenin eta Trotskyren izenak aipaezinak bihurtzea, Errestaurazio garaian Robespierre edota Saint-Justen izenekin gertatu zen bezala. Eztabaida eremua garbitzen hasteko komenigarria da nahiko hedatuak dauden hiru ideiei buruz gogoetaren bat egitea:

1. Iraultza gisa aurkeztua bada ere, Urria izango litzateke konplot edo kolpe-estatu minoritario baten izen emblematikoa, berehala eta goitik behera antolakuntza sozialaren bere ikuspegi autoritarioa ezarri zuena elite baten onurarako.

2. Errusiako iraultzaren garapen osoa eta bere zorigaizto totalitarioak, jatorrizko pekatua bailitzan, hazian egongo lirateke inskribatuak, hau da, ideia (edo Furet-en hitzetan “pasioa”) iraultzailean: historia orduan, genealogiara eta ideia maltzurraren gauzapenera murrizten da, eta mezpretxatzen dira benetan eman ziren asaldaketa handiak, gertakizun itzelak eta edozein borrokaren emaitzaren ziurgabetasuna.

3. Azkenik, Iraultza errusiarra monstrukeria izatera kondenatua legoke historiaren erditze “goiztizarregia” izan zelako, kapitalismoa gainditzeko “baldintza objetiboak” emanak ez zeuden momentuan historiaren urratsak eta erritmoak bortxatzeko saiakera: egitasmoaren “automugaketa” finkatzeko jakinduria izan beharrean, buruzagi boltxebikeek kontradenbora honen eragile aktiboak lirateke.

Benetako bulkada iraultzailea.

Iraultza errusiarra ez da konspirazio baten emaitza, gerraren testuinguran erregimen zaristaren kontsenbadorismo autokratikoak pilatutako kontraesanen eztanda baizik. Errusia, mendearen hasieran, gizarte blokeatua zen, “garapen desigual eta konbinatuaren” kasu eredugarria, aldi berean dominatzailea eta menpekoa, bereizgarri feudalak landalurrean –mende erdia baino gutxiago mirabetasuna ofizialki abolitua izan zela—eta kapitalismo industrial urbano konzentratuenaren bereizgarriak batzen zituena. Pontentzia handia teknologikoki eta finantziarioki subordinatua (mailegu errusiarraren oroimen burlatia!) izanik, Gapone popeak 1905eko iraultzan aurkeztu zuen kexuen kaiera, zar-en lurraldeetan nagusi zen miseriaren benetako erregistroa zen. Erreforma saiakerak berehala blokeatuak gelditu ziren oligarkiaren kontsebadorismoa, despotaren setakeria edota sortzen ari zen langile mogimenduak aztoratutako burgesiaren sendotasun eza zirela medio. Iraultza demokratikoaren eginbeharrekoak, horrela, hirugarren estatu moduko bati zegokion, zeinean Iraultza frantziarrean ez bezala, proletargo modernoa, gutxiengoa izanik, alde dinamikoena zen.

Guzti honetan “Errusia santua” izan zitekeen kate imperialistaren katebegi ahulena. Gerraren frogak eman zion sua bolborategiari. Prozesu iraultzailearen bilakerak, 1917ko otsailatik urria bitartean, ongi argitzen du ez zela izan agitatzaile profesionalen konspirazio minoritario bat. Aitzitik, han gertatu zena jendetzaren aldetik esperientzia politiko baten asimilazio azkarra izan zen, kontzientzien itxuraldaketa bat, indar korrelazioen etengabeko desplazamendu bat. Bere Iraultza errusiarraren Historia magistralean, Trotskyk aztertzen du zehatz-mehatz erradikalizazio prozesu hau, hauteskunde sindikaletik hauteskunde sindikalera, hauteskunde munizipaletik hauteskunde munizipalera, langile, soldadu eta nekazarien artean. Ekainean egin zen sobieten batzarrean boltxebikeak delegatuen %13a baizik ez ziren, baina gauzak azkar aldatu ziren uztailako borroka-egunen eta Korniloven kolpe-militar saiakeraren ondoren: bigarren batzarrean delegatuen % 45-60 artean boltxebikeak ziren. Insurrekzioak, ezustean harrapatzen duen esku-kolpe izatetik urrun, urte osoan ontzen joan den indar frogaren goren-maila eta amaiera probisionala ordezkatzen du. Urte osoan jendetza plebeioaren animoaren egoera beti egon zen partiduen eta horien buruzagien baino ezkerralderago, eta ez soilik sozialista- iraultzaileen alderdia baina ezkerralderago, baita boltxebikeen partidua bera baina ezkerralderago, edo behintzat zuzendaritzaren parte bat baino (baita insurrekzioari buruzko erabakia hartzeko orduan ere).

Historiagileak, orohar, bat datozte esateko Urria izan zela erregimen zaharraren urte beteko deskonposizioaren amaiera, eta bortizkeriaren aldetik Bastillaren erasoaren parekoa. Horregatik, geroago ezagutu ditugun bortizkeriekin alderatuta, Urriako insurrekzioa bera, giza-bizitzen kopuru aldetik koste gutxikoa izan zen. Boltxebikeek insurrekzio bidez boterea hartzeko izan zuten “erreztasun” erlatibo honek agerian jartzen du otsaila eta urriaren artean burgesia errusiarrak izan zuen indargabetasuna, eta nola egon zen estatu bat zutik jarri ahal izateko, eta zarismoaren hondakinen gainean nazio modernoaren egitasmo bat altxatzeko ezintasunez jota. Alternatiba ez zegoen jadanik iraultzaren eta hitzik-edukinik gabeko demokraziaren artean, baizik eta bi irtenbide autoritarioen artean: iraultza edo Korniloven edo besteren baten diktadura militarra. Iraultzaz, behetik, herriaren nahi sakonetatik, etorritako bulkada eraldatzailea ulertzen bada, eta ez elite argitu baten plan handios baten konplimendua, dudarik ez dago Iraultza errusiarra iraultza izan zela, terminoaren zentzu osoan, bake eta lurra behar funtsezkoenetatik abiatuta.

Lehenengo hilabeteetan eta urtean erregimen berriak hartutako neurri legislatiboak gogoratzea aski da, jabego eta botere harrementan, aldaketa guztiz erradikal bat eman zela ulertzeko. Batzutan espero eta nahi baino azkarrago, batzutan desiratua baino haratago, zirkunstantzien presiopean. Liburu ugarik dakarte munduko ordenean egindako haustura honen (ikusi John Reed-en “Mundua hunkitu zuten hamar egun”) eta nazioarteko berehalako oihartzun handiaren lekukotasunak (ikus. La Révolution d´Octubre et le mouvement ouvrier européen, collectif, EDI, 1967). Marc Ferrok azpimarratzen du (bereziki La Revolution de 1917 liburuan, Albin Michel 1997; eta Naissance et effondrement du régime communiste en Russie, Livre de Poche 1997), ez zela izan garai hartan jende askorik erregimen zaristaren hondoraketa deitoratuko zuenik eta azken despotagatik negar egingo lukeenik. Alderantziz, behin eta berriz aipatzen du benetako iraultza baten ezaugarri bereziak, hau da munduaren uzkailtzeak, eguneroko bizitzaren detaileetan duen eragina: Odessan, ikasleek ezarri zieten irakasleei Historia asignaturarako programa berri bat; Petrogradon, langileek behartu zieten jabeei “langileen eskubide berria” ikastera; harmadan, soldaduek apaiz kastrenseari gonbidatu zioten “bere bizitzari zentzu berri bat eman ziezaion”; eskola batzutan, haurrek boxeo klaseak exijitzen zuten nagusien aldetik entzunak eta errespetatuak izateko.

Gerra zibilaren froga.

1918 uda ezkeroztik piztu zen gerra zibilean, nahiz eta baldintzak penagarriak izan, hastapeneko bulkada iraultzaile honek eragiten zuen oraindik. Nicolas Werth-ek, bere ekarpenean, dokumentuak erakutsiz, zerrendatzen du zein indarren kontra aritu behar izan zuen erregimen berriak: ez zen soilik Koltchak eta Denikin-en harmada txurien kontra izan, ezta kanpoko interbentzio franko-britaniarraren kontra soilik; aurre egin behar izan zion errekisizioen kontrako nekazarien oldartze masiboei eta arrazionamenduaren aurkako langileen istiluei. Holakoak irakurriz, ezin da ia ikusi ere egin nondik aterako ote zuen botere iraultzaileak indarra hain etsai indartsuen aurka garaile ateratzeko. Balirudike soilik terrore minoritarioaren eta edozertara prest legokieen lumpen proletarioak tcheketan sartzearen ondorio izan zitekeela. Azalpena mugatuegia da ulertu ahal izateko nolatan hilabete batzutan antolatu ahal izan zen Armada Gorria eta beraren garaipena. Errealistagoa da gerra zibilari bere neurria ematea eta gerra horretan, treguarik gabe, indar sozial antagonikoak kontrajarri zirela onartzea. Liburu Beltza-ren egileen arabera, gerra zibila boltxebikeek bilatutakoa litzateke eta 1918ko udan indarrean jarritako terrorea komunismoaren izenean geroan egin ziren krimen guztien jatorrizko matriza litzateke.

Benetako historia, gatazkaz betea, borrokaz, ziurgabetasunez, garaipen eta derrotez betea, ezin da kontzeptu baten autogarapenaren istorio ilun batera murriztua gelditu, ideia munduaren sortzaile balitz bezala. Gerra zibila ez zen nahitazkoa izan, aurreikusia baizik. Nabardura baino gehiago da hori. Iraultza guztiek, Iraultza frantzesatik hasita, ikasgai mingarri hori erakutsia zuten: emantzipazio mogimenduek aurre egin behar diote erreakzio konserbadoreari; kontrairultza, iraultzaren atzean dabil azken honen itzala bait litzan: 1792an Brunswicken armadak Paris hartzera jotzen duenean, 1848an ekainako sarraskietan (garai hartako ankerkeria burgesari buruz, berrirakurri Michelet, Flaubert edo Renan), 1871eko Aste odoltsuan.

Araua ez da inoiz gezurtatua izan, 1936ko pronuntziamendu frankistarekin hasi eta Sukarnoren estatu-kolperaino (1965ean 500.000 hildakoak Indonesian) edota 1973ko Pinotxetena Chilen. 1792an iraultzaile frantzesek bezala, iraultzaile errusiarrak ez zuten gerra zibila aldarrikatu. Ez zuten armada frantziarra eta britaniarra deitu gobernu iraultzailea bota zezaten! 1918ko udatik, gogorarazten digu Nicolas Werth-ek, armada txuriak hiru frentetan zeuden sendo kokatuak eta boltxebikeek “ez zuten jadanik kontrolatzen Moskovia historikora murriztutako lurraldea baino”. Terroreari buruzko neurriak 1918ko abuztu-irailan hartu ziren, atzerriko erasoa eta gerra zibila hasi zirenean. Gauza bera gertatu zen Iraultza frantziarrean: Dantonek aldarrikatu zuen terrorea terrore herrikoi espontaneoa nolabait bideratu ahal izateko. Izan ere, terrore herrikoi horrek eztanda egin zuen iraileko sarraskiekin, Brunswicken armaden koalizioak Pariseruntz aurreratzeak suposatzen zuen mehatxuaren aurrean. Onartzen du, bada, gerra zibila piztearen erantzunkizuna ez zegoela iraultzaren aldean.

Gerra zibilaren horroreak, harrezkeroztik, “gorri” eta “txurien” artean partekatuak egonik ere, etorkizuneko terrore guztien matriza izkutuko gerra batean egongo litzateke, gerra barruko gerran, nekazarien aurkako gerran. 1921-1922ko gosete handiaren biktimak komunismoaren krimenen kuadroan inskribatu ahal izateko, Nicolas Werth-ek badu batzutan joera gosete hori nekazalgoaren nahitazko triskantza burutzeko erabaki baten ondorio gisa aurkezteko. Herrien eta hiri txikien errepresioari buruzko dokumentuak erabatekoak dira. Baina, bereizi al daitezke bi arazoak, gerra zibilarena eta nekazaritzaren auzia? Erasoari aurre egiteko, Armada Gorriak, hilabete batzutan, lau milioi soldadu mobilizatu behar izan zituen eta horien ekipamendua eta elikadura ziurtatu behar izan zuen. Bi urtetan, Petrogradok eta Moscuk biztanlegoaren erdia baino gehiago galdu zuten. Industria guztiz hondatuak ez zuen ezer ekoizten. Baldintza horietan, hiriak eta armada elikatu ahal izateko zein bestelako konponbidea errekisa baino? Bai, bestelako moduak irudika daitezke eta, igarotako denboraren distantziatik begiratuz, polizia politikoaren logika propioa kontutan eduki, eta tupusteko tirano txarren arbitrariotasun burokratikoaren arriskuak. Baina eztabaida konkretua da, erabaki politikoen terminotan egitekoa, benetako frogen aurrean irudikagarriak diren alternatibei buruzkoa, eta ez epaiketa abstraktoei buruzkoa.

Gerra zibila amaitutakoan, ez da jadanik jendetza buruzagitzari bultza egiten diona. Gailurrean daudenen borondatea da basea herrestan eramaten saiatzen dena. Hortik ordezkapenaren mekanika: partiduak herria ordezten du, burokraziak partidua, gizon probindentzialak osotasuna. Prozesu honen ibilbidean burokrazia berri bat ernaltzen da, erregimen zaharraren jarauspenaren eta buruzagi berrien gorantza soziala azkartuaren emaitza. “Lenin promozio” guztiz zabalaren erreklutamenduaren ondoren, Urriako milaka militante gutxi horiek ez dute jadanik partiduko efektiboetan gehiegizko eraginik ehundaka milaka boltxebike berrien aldean, eta horien artean badira garaipenaren ondoren korrikan hurbiltzen diren goragurakoak eta administrazio zaharraren pertsona susmagarri berziklatuak.

Gerra zibilaren jarauspen zamatsua.

Gerra zibilia esperientzia izugarria eta fundatzailea da. Gerra mundialaren ankerkeriei eransten zaien mutur-muturreko bortizkeria gizalegegabeaz gogaituriko ohitura sortzen da. Ankerkeria burokratikoaren jarauspena eratzen du. Leninek, komunista georgiarrekin izandako krisiaren harira, uholde burokratikoaren kontzientzia hartu zuen, eta horren kontra jo zuen Trotskyk bere Stalin liburuan. “Leninen Testamentua” eta “Bere sekretarien Egunerokoa” (ikus Moshe Lewin, Leninen azken konbatea, Minuit, 1979), Leninen hilurren unetan agertzen zuen arazoaren kontzientzia patetikoaren lekukoak dira. Iraultza herri eta jendetzaren gauza zen bitartean, Lenin hilurren zegoela buruzagi batzuen bertuteak eta grina txarrak aztertzera mugatua zegoen, jakinda buruzagi horien eskutan, egongo zela, zirudienez, ia dena aurrerantzean. Hitz batez, gerra zibilak “atzera jauzi handi bat” erakarri zuen, 1914aren aurretik lorturiko garapen mailarekin alderatuz herriaren “zaharkitze” bat. Herria akitua utzi zuen. Petrogrado eta Mosku lau milioi biztanle zituzten iraultzaren hasieran, eta gerra zibilaren amaieran 1,7 milloi baizik ez ziren geratzen. Petrogradon, 380.000 langilek produkzioa utzi zuten eta 80.000 baizik ez ziren gelditu. Hiri hondatuak nekazaritzaren parasitoak bihurtu ziren, hornikuntzen atxikize derrigorrezkotara behartuz. Armada gorriak 4 milioi soldadu izatera heldu zen. “Erregimen berriak, azkenean, herria aldarrikatutako helburuetara gidatzeko ahalbidea izan zuenean, idazten du Moshe Lewinek, abiapuntua 1917an izan zena baina azkoz ere atzeratuagoa zen, 1914 baino atzeratuagoa zela ez esateagatik”.

Gerra zibilaren bidez “sozialismo atzeratu” eta estatalista bat eraiki zen, aurrien gain eraikitako estatu berri bat: “ Egitan, estatua eratzen ari zen atzeranzko garapen sozial baten oinarriaren gain”. (Moshe Lewin, Russia, URSS, Russia, Londres 1995). Hor dago burokratizazioaren sustrai nagusiena. Zenbait buruzagi sobietar, Lenin bera horien artean, nahiko goiz konturatu ziren horretaz, eta horrekin batera, dinamika hori ekidin ezinez etsitzen hasten dira. Zirkunstantzien zamak eta kultura demokratikoaren ausentziak pilatu zituzten ondorioak. Ez dago inolako dudarik: botere hartu zenetik, estatuaren iraungitze azkarraren ustetan eta herriaren baitako kontraesanak desagertuko zirelakoan, estatuaren, partiduaren eta langile klasearen artean mantenduriko nahasketak gizartearen estatizazioaren aldeko joera nabarmen indartu zuen eta ez funtzio estatalen sozializazioaren aldekoa. Demokraziaren ikasketa, auzi luze eta zaila da. Ez doa erreforma ekonomikoaren dekretuen erritmo berean, are gutxiago herrialdeak praktikan inolako tradizio parlamentario eta pluralistarik ez badu. Denbora eskatzen du, energia eta bitartekoak. 1917ko komite eta sobietetako irakinaldiak agerian jartzen ditu horrelako ikasketa baten lehen urratsak, eta prozesu horretan marrazten ari zen gizarte zibil bat.

Gerra zibilaren frogaren aurrean, konponbiderik errezena da botere herrikoiaren organoak, komiteak eta sobietak, subordinatzea tutore ilustratu batean pean: partidua. Praktikoki honetan datza: arduradunen aukeraketa eta kontrolaren prinzipioaren ordez partiduaren ekimenez izendatzea, eta zenbait kasutan horrela izan zen 1918 ezkeroztik. Logika horrek eramaten du, azken finean, bizitza demokratikorako beharrezkoak diren pluralismo politikoa eta adierazpen eta erizpide askatasuna ezabatzera, eta baita ere eskubidea indarrarekiko subordinatua geratzera. Makineria are beldurgarriagoa da, burokratizazioa ez bait da soilik goitik egindako manipulazio batetik etortzen. Batzutan behekoen eskakizun bati ere erantzuten dio, gerraren eta gerra zibilaren nekeetatik, gabezietatik eta akitzetik jaiotako orden- eta lasaitasun-beharrari erantzuten dio, egoera horietan, batzutan, eztabaida demokratikoak, agitazio politikoa, etengabe erresponsabilitatea eskatzen ibiltzea…gogaikarriak bihurtzen bait dira. Marc Ferrok egoki azpimarratu du bere liburutan dialektika izugarri hau. Horrela gogoratzen du, oso garbi, iraultzaren hasieran ba zeudela “bi foko: demokratiko-autoritarioa oinarrian, eta zentralista-autoritario gailurrean”. Baino, “1939rako foko bakarra baizik ez da gelditzen da”.

Baina berarentzat, auzia praktikoki hilabete batzuk pasatutakoan, 1918 edo 1919rako erabakita zegoen, auzoetako eta fabriketako komiteen beherakada eta kontrolarekin. (Ikus Marc Ferro, Les Soviets en Russie, collection Archives). Antzeko planteamendua eginez, Philippe Lacoue-Labarthe are esplizituagoa da esanez boltxebismoa “1920-1921etik aurrera kontrairaultzailea” izan zela. (Hau da, Kronstadt baino lehenagotik). ( Ikus. Revue Lignes n.31, mayo 1997). Auzia garrantzi handienetakoa da. Auzia ez da puntuz puntu, modu manikeoan “Leninen garaiko leninismoa”-ren leienda urrezkoa eta Stalin garaiko leninismoa kontrajartzea, hogeigarren hamarkadako urte argitsuak eta hogeitamargarrengo urte ilunak, sobieten herrialdean hasierako hamarkadan ezer usteltzen hasi ez balitz bezala. Burokratizazioa, noski, hasieratik berehala dago martxan: tchekaren jardun polizialak, noski, bere logika du; Solovski uharteko presondegi politikoa, noski, gerra zibilaren amaieraren ondoren eta Leninen heriotza aurretik ireki zen; partidu politikoen pluraltasuna mugatua izan zen, adierazpen askatasuna murriztua, are partiduan ere eskubide demokratikoak gutxituak izan ziren 1921eko Partiduaren X. Batzarratik aurrera.

Baina kontrairaultza gisa izendatzen dugun prozesua ez da gertakizun soil bat, data jakinekoa, Urriako insurrekzioaren simetrikoa. Ez da egun batean egiten. Erabakiak hartzen dira, liskarrak izaten dira, gertakizunak. Eragilek beraiek etengabe eztabaidan izan dira periodizazioak eginez, ez zehaztapen historikoarekiko gogoagatik, eztabaida horietatik eginbehar politikoak ondorioztatzen saiatzeko baizik. Rosmer, Eastman, Souvarine, Istrati, Benjamin, Zamiatine eta Boulgakov (Stalini bidalitako gutunean), Maiakovskiren poesia, Mandelstham edo Tsetaievaren tormentuak, Babeleko karnetak, etabar…, horren lekukoak dira, eta fenomenoaren, bere bilakaera eta garapenaren aurpegi anitzak argitzeko lagungarriak lirateke. Horrela, Kronstadteko errepresio malerusak politika ekonomikoaren norabidetze berriaren premiari buruzko kontzientzia piztu zuen 1921eko udaberrian, gerra zibila garaipenarekin bukatu ondoren askatasun demokratikoak zabalduak izan beharrean berriro murriztuak izan zirenean: Partiduaren X. batzarrak debekatu zituen, orduan, partidu barruko tendentziak eta frakzioak. Ikuspegi historikoz demokrazia errepresentatiboaren, pluralismo politikoaren, zentsuraren, Batzar Konstituientearen disoluzioaren auzietara itzuli beharra dago sozialismoaren aintzindariek aurre egin behar izan dituzten arazoak teorikoki formulatzeko eta ikasgai horietatik ikasteko.

Dudarik ez, zarismoaren herentziak, 15 milloi soldadu errusiar mobilizatu zituen lau urteko triskantza mundialak, gerra zibilaren bortizkeriak eta basatikeriak, askoz eragina handiagoa izan zuten erregimen iraultzailearen bilakaeran buruzagien hutsune doktrinalak baino, azken hauek larriak izan baziren ere. Haatik beharrezkoa da itzultzea, urruntze historikoa dela medio, iraultzaren auzi demokratikoei buruz gogoetak egitera, eta ez historia berregiteko baizik eta sozialismoaren aitzindariek izan zituzten arazoak teorikoki formulatzeko eta handik ikasteko. 1917ko (!) abenduaren 1ean Pravdan argitaraturiko artikulu batean (Iraultza eta legea), Anatole Lunatcharskik, geroago hezkuntza ministroa izan zena, honela hasten zen: “Gizarte bat ez dago batua osotasun bat bezala”. Denbora asko behar izan zen eta tragedia ugari, esaera labur honen ondorio guztiak ateratzeko.

Gizarte bat ez bait dago osotasun bat bezala batua, ezta erregimen zaharra uzkaildu eta gero ere, eta ezin da dekretuen bidez estatua sozializatu, gizartea bera estatizatzeko arriskuan erori gabe. Gizartea osotasun bat bezala batua ez dagoenez, sindikatoak estatu eta partiduekiko independiente mantendu behar dira, eta partiduak independiente estatuarekiko. Gizartean izan badiren interes desberdinen arteko kontraesanak adierazteak zilegi behar du izan komunikabide independienteen bidez eta errepresentazio modu pluralen bidez. Horregatik forma eta arau juridikoaren autonomia bermatu behar da, ez dadin eskubidea indarraren arbitrariotasun iraunarazia bihurtu. Pluralismo politikoaren defentsa ez da, bada, zirkunstantzien araberakoa, demokrazia sozialistaren funtsezko baldintza baizik. Hau da Trotskyk Iraultza Traizionatua liburuan atera zuen ondorioa: “Egitan klaseak heterogeneoak dira, barne antagonismoz urratuak, eta ez dira interes amankomunetara iristen, ez bada tendentzien, taldeen eta partiduen arteko borroken bidez”. Honek esan nahi du borondate kolektiboa ezin dela espresatu ez bada hauteskunde prozesu libre baten bidez, edozein direlarik, demokrazia parte-hartzaile zuzena eta demokrazia errepresentatiboa konbinatuz, hautamen prozesu horren forma instituzionalak. Burokratizazioaren eta boterearen arrisku profesionalen aurkako berme absolutoa izan gabe, esperientziatik erantzun eta orientabide batzuk atera daitezke.

- Klaseak, partiduak eta estatua bereiztu behar dira eta horrek eraman behar du pluralismo politiko eta sindikalaren onarpenera, bera bait da gizartearen auzki eta erronka handi guztiei buruzko programa eta aukera alternatiboen eztabaida bideratzeko modu bakarra, eta ez lekuan lekuko boterearen kideen arteko ikuspegi trukaketa soila.

- Produkzio-kontseiluak eta lurralde-kontseiluak konbinatzen dituen demokrazia forma bat, adierazpen zuzenarekin eta kontrolatzeko eskubidearekin, eta kontrolatzaileak izanik ez soilik partiduak, baizik eta sindikatoak, elkarteak eta emakumeen mogimenduak ere.

- Hautetsien erantzunkizuna eta hautesleen ahalmena hautatua izan dena aldatzeko, eta ez agindu imperatiborik, batzar hautatuei dagozkien eztabaida blokeatuko bait luke.

- Hautetsi- karguen pilaketari eta berritzeari mugak jartzea eta hautatuaren soldataren mugaketa , langile kualifikatuaren edota zerbitzu publikoetako langilearen mailaraino, boterearen profesionalizazioa eta pertsonalizazioa ekiditeko.

- Boterearen deszentralizazioa eta lokal, erregional edo nazional mailako eskumenen birbanaketa, beheko instantzietan zuzenean eragiten dieten erabakiekiko betoa jartzeko eskubidearekin eta ekimen herrikoiez planteaturiko erreferendumetara jotzeko aukerarekin.

Produktore libreki elkartuen demokrazia guzitz konpatiblea da sufragio unibertsalarekin. Herri-kontseiluak edo lurraldeko batzar herrikoiak lantoki eta bizitokien unitateen ordezkariez osatuak egon daitezke eta edozein erabaki garrantzitsu dagokioen populazioaren boto bidez har daiteke. Berriki egin diren esperientziek, 1980-1981ean Polonian, 1984ean Nikaraguan, mahai gianean jarri dute bi kamara dituen sistemaren posibilitatea, bata sufragio unibertsalez osatua eta bestea zuzenki langileak, nekazariak eta botere herrikoiaren forma desberdin zabaletako ordezkariez osatua. Erantzun honek (bere baitan har dezakeena nazionalitateen kamera bat estatu plurinazionaletan) asebetetzen du teorikoki aldi berean hauteskunde orokorren eskaera eta demokrazia herrikoi ahal den zuzenenaren aldeko kezka. Gizartearen errealitatea eta estatuaren eremua bereizten laguntzen du, nahiz eta bien arteko bereizketa, autogestioaren hedapenarekin, geroz eta ahulagoa izango den. Orientabide handi hauek laburbiltzen dituzte historia mingarri baten ikasgaiak. Ez dira ez boterearen arrisku profesionalen aurkako erabateko arma, eta ezta ere egoera zehatz bakoitzarentzako errezeta.

Eztabaidatu daiteke, atzera begira, boltxebikeek erabaki zuten Batzar Konstituzioegilearen disoluzioak izan zituen ondorioei buruz, ezabaidatu daiteke 1917ko amaieran Batzar horrek eta Sobieten Batzarrak zuten errepresentatibitateaz, eztabaida daiteke ez ote zen orduan hobe izango errepresentazio forma bikoitza mantentzearen alde jotzea (botere-bikoiztasun moduko bat denbora luze baterako). Galdetu daiteke ez ote zen egokiago izango, gerra zibila amaitu eta gero, hauteskunde libreak antolatzea, jakinda ere egon zitekeela arrisku bat (suntsiketa eta nazioarteko presiopean egingo bait ziren) militarki garaituriko Zuriak hauteskundeetan garaile izateko. Egoera singular hau indar harreman nazional eta internazional berezien kontestuan dago. Esperientzia historiko guztiak, ordea, Rosa Luxemburgek 1918an aurreratu zuen ohartarazpena baieztatzen du: “Hauteskunde orokorrik gabe, prentsa-askatasuna eta biltzeko mugarik gabeko askatasunik gabe, instituzio publiko guztietan bizitza itzaltzen da, begetatzen da eta burokraziak darrai elemento eraginkor bakarra izaten” (Iraultza errusiarra). Demokrazia zabalena estuki lotua dago askatasunaren auziarekin, eta efikazia ekonomikoaren baldintza da: berak bakarrik ahalbidetu dezake planifikazio autogestionatua hobea izatea merkatuaren automatismoak baino.

Botere-borondatea edo kontrairaultza burokratikoa?

Lehen iraultza sozialistaren patua, estalinismoaren garaipena, burokrazia totalitarioaren krimenak osatzen dute mendearen gertakizun garrantzitsuenetako bat. Batzurentzat, gaitzaren jatorria giza naturaren sakoneko gaitz batean legoke, botere-borondate saietsezinean, mozorro desberdinetan ager daitekeena, are ere herrien zoriona –herrien beraien kontra bada ere—egiteko asmotan, hiri perfektu baten eskema aurrekontzebituak ezartzeko asmotan. Liburu Beltza-ren helburu polemikoa hauxe da: Lenin eta Stalinen artean jarraitutasun zurruna ezartzea, “Stalinek traizionaturiko Urriako iraultzaren leienda zaharra” lur-jota uzteko: “Estalinismoaren horroreak leninismoaren izatearen berezkoak dira” (Jacques Amalric); “Bulkada kriminal goiztiarra Lenini dagokio” (Eric Conan, L´Express, azaroak 6).

Egiten duten iraganeko kritika Iraultza errusiarraren eta hogeigarren eta hogeitamargarren urteetan kontrajarri ziren orientabideen periodizazioaren azterketa zehatza egin gaberik, PCF (Frantziako Alderdi Komunista)-ko arduradun batzuri aski zaie kritika lauso bat egitearekin eta estalinismoaren krimenei buruz gertakizun iraultzailearen “luzapen tragikoa” izango balira bezala hitzegitera eramanak izaten dira. (Claude Cabanes, L´Humanité, azaroak 7). Horrelako sarraskien erakarle litzatekeen patu saietsezin hori lehen egunetik abian baldin bazegoen, zergatik oraindik komunista izaten mantendu-nahi hori?

Hogeigarrengo urteak: “pausa” edota “bidegurutze”?

Erreakzio burokratikoaz gain –oso azkar hasi baitzen “iraultza izozten”—, gabezia guztien gain, atzerapen kulturalaren gain, hastapeneko bulkada iraultzailearen eragina nabaria zen oraindik, hogeigarren urteetan, bizimoduaren eraldaketaren frontean egindako saiakera aintzindarietan: erreforma eskolar eta pedagogikoak; familiari buruzko legislazioa; hiri-utopiak; asmakizun grafiko eta zinematografikoa.

Horregatik garrantzitsua da, batzutan “fenomeno estalinista” deitu izan denaren erroak eta baliabide sakonak organizazio sozialean, osatzen diren eta kontrajartzen diren indarretan atzematea. Estalinismoak, inguruabar historiko zehatz batean, burokratizazio tendentzia orokorrago batera bidaltzen gaitu, gizarte moderno guztietan eragiten ari dena. Funtsean lanaren banaketa sozialaren garapenak (eskulana eta lan intelektualaren artekoa, bereziki) eta “boterearen berezkoak diren arrisku profesionalek” elikatua. Sobiet Batasunean, dinamika hau geroz eta indartsuagoa eta azkarragoa izan zen burokratizazioaren zorua suntsiketaz, gabeziaz, atzerapen kulturalaz eta tradizio demokratikoen ausentziaz osatua zegoelako.

Hasieratik, iraultzaren oinarri soziala zabala eta estua zen. Zabala langile eta nekazarien aliantzan hartzen zuelako euskarria eta horiek zirelako ghiengo soziala erabatekoa. Baina estua ere, bere parte langilea, gutxiengoa kopuru aldetik, oso azkar igatua izan zelako gerraren deskalabruekin eta gerra zibilaren galerekin. Ankerkeria burokratikoa bere oinarri sozialaren ahuleziarekiko proportzionala da. Bere parasito-funtzioaren berezkoa da. Haustura bat dago, murriztu ezin daitekeen jarraitutasunik-eza, bai barne politikan eta baita nazioarteko politikan, hogeigarren urteetako hasieraren eta hogeitamargarren urte beldurgarrien artean. Tendentzia autoritarioak nahiko lehenagotik hasi ziren ikusgarriak bihurtzen. Eraso imperialistaren “etsai printzipala”-rekin (kasu honetan bene benetakoa) obsesionatuak, buruzagi boltxebikeak hasieran “bigarren mailako etsaia”-ren aurrean ezjakinarena egin zuten edo baliogutxiesten zuten, baina hauxe zen barrutik hondatzen ziena eta azkenien irentsi egin zituena.

Inoiz eman gabeko eszenatoki hau nekez imagina zitekeen. Denbora behar izan zen ulertzeko, interpretatzeko eta ondorioak ateratzeko. Leninek atzeman zuen dudarik gabe Kronstadteko krisiak adierazten zuen alarma-zeinua, ekonomia arloan norabide aldaketa sakona proposatuz; bainan Trotskyk bastante beranduago azpimarratu zuen, Iraultza Traizionatua liburuan, proletargoaren heterogeneitatearen gainean pluralismo politikoa erizpide nagusitzat hartu behar zela. Sobiet Batasunari edo Partidu boltxebikeari buruzko lekukotasun eta dokumentu gehienek (ikus Moscú bajo Lenin Rosmer-ena, El Leninismo bajo Lenín Marcel Liebman-ena, La historia del partido bolchevique Pierre Broué-rena , Stalin Souvarinena eta Trotskyrena, E.H.Carr, Tony cliff, Moshe Lewin eta David Rousset-en lanak) ez dute lekurik uzten, haustura eta jarraitutasun kombinazio estuan, hogeitamargarreneko bira handia ez kontutan hartzeko.

Haustura nabarmen agertzen da, milioika eta milioika gosez hildako, deportatu, prozesu eta purgetako biktimek aditzera emana. 1934ko “garaileen batzarrera” eta botere burokratiko sendotzera iristeko, beharrezkoa izan zen horrelako bortizkeriari bide ematea.

Bira handia.

Gerra zibilaren terrorearen eta hogeitamargarrengo terrore handiaren artean, Nicolas Werth-ek jarraitutasuna lehenesten du. Horretarako hogeigarrengo urteen zentzua, horietan eman ziren opzioak, partidu barruko norabideari buruzko iskanbilak erlatibizatu beharra du, eta bi gorakada terroristen arteko “etenaldi” edo “tregoa” soil batera murriztu. Haatik, agerian jartzen ditu berak errepresio tamainan aldaketa (kuantitatibo) baten eta edukinren aldetik aldaketa (kualitatibo) baten lekukotza eskeintzen duten elementuak. 1929an, “kolektibizazio masiboaren” planak zehazten duen helburua zen hamahiru milloi nekazal-ustiategi indarrez kolektibizatzea. Operazioak gosete ikaragarriak sorrarazi zituen eta 1932-1933ko deportazio masiboak: “1933ko udaberriak markatu zuen, dudarik gabe, 1929ko amaieran, des-kulakizazioaren egitasmoarekin hasitako lehen terrore ziklo handiaren gorena” (N. Werth, Liburu Beltza, p. 199). Kiroven asesinatzearen ondoren, hasten da 1934an bigarren ziklo handia, prozesu handiez eta batez ere 1936-1938ko “purga handi”-az (iejosvschina) markatua. 690.000 biktima izan ziren ebaluazioaren arabera. Indarrezko kolektibizazioa eta industrializazio azeleratua zela medio populazioaren desplazamendu masiboak eman ziren, hirien “ruralizazioa” eta abiada handiz Gulagen masifikazioa.

Prozesuaren zehar, legeria errepresiboa garatuz eta indartuz joan zen. 1929ko ekainean, kolektibizazioaren garai berean, atxilotze sistemaren erreforma funtsezko bat indarrean jarri zen: hiru urteko zigorra jasatera kondenatuak ziren atxilotuak, lan-eremuetara eramanak izango ziren. Barneko migrazioen kontrolaezinezko dimentsioaren aurrean, 1932ko abenduaren erabaki baten bidez barneko pasaporteak ezarri ziren. Kirov-en asesinatuaren ondorengo ordutan (Kirov Petrogradoko partiduaren buruzagia zen), Stalinek dekretu bat sinatzen zuen “1934ko abenduko 1eko legea” izenez ezagutzen dena, prozedura bizkorrak legalizatuz eta terrore handiaren tresna pribilegiatu bat indarrean jarriz. Hiritako eta landalurretako mogimendu herrikoiak birrintze baina haratago, terrore burokratiko honek akabatzen du Urriako herentziatik geratzen zenarekin. Jakina da prozesuek eta purgak partiduaren eta armadaren lerrotan hutsune izugarriak utzi zituela. Garai iraultzailearen zuzendaritzako kuadroetako gehienak deportatuak edota exekutatuak izan ziren. Partido Komunista ukraniarraren Komite Zentralaren 200 kideetatik hiru bakarrik atera ziren bizirik. Armadan, atxilotutakoen kopurua handia izan zen, 178.000 militanteetatik 30.000tik gora. Aldi berean, jarduera errepresibo horretarako eta ekonomia estatalizatuaren kudeaketarako behar zen aparatu administratiboa ziztu bizian handitu zen. Moseh Lewin-en arabera, administrazioko pertsonala 1928an 1.450.000 izatetik, 7.500.000ra igaro zen 1939rako, eta administrari-teknikarien kopurua 3.900.000 izatetik 13.800.000 izatera. Burokrazia ez da hitz hutsal bat. Indar soziala bihurtzen da: estatuaren aparatu burokratikoak irensten du partiduan militante izaerako gelditzen zen guztia. Kontrairaultza honek eremu guztietara hedatzen du bere eragina, politika ekonomikoan (derrigorrezko kolektibizazioa eta Gulag-aren garapen itzela), nazioarteko politikan (Txinan, Alemanian, Espainian), politika kulturalean (ikus Varlam Chalamov-en Les années vingt liburua zeinean azpimarratzen da urte horietako giro eferbeszentea eta hogeitamargarrengo ikaragarria), eguneroko bizitzan Trotskyk “etxe barneko thermidor” izenez aipatzen zuena, ideologia eremuan (Estatuaren ortodoxia baten kristalizazioarekin, “diamat”-aren kodifikazioa eta partiduaren Historia ofizialaren erredakzioarekin.

Gauzak bere izenez izendatu behar dira eta kontrairaultza bati kontrairaultza deitu behar zaio. Gerra zibilaren sugarretan harturiko neurri autoritarioak, nahi haina kezkagarriak izanik ere, bestelakoak ziren, masibotasunaren, ikusgarritasunaren eta urraduren formagatik. Nicolas Werth bera, bere aldetik, urratua dago: onartu beharra bait du hogeitamarrengo urteetan erradikalki berria dagoena, bainan badu bestalde Urriako promesa iraultzailearen eta erreakzio estalinista garailearen arteko jarraitutasuna baieztatzeko borondate setatia. Horrela, “erabaki erabakiorra” deritzo sistema errepresiboa indarrean jartzeari, baina horri buruz esaten du: “1918-1922 artean hasitako konfrontazioaren azken pasartea”. “Pasarte” edo “bira erabakiorra”, aukeratu behar da. Jarraitutasunaren alde jartzeak, hogeigarren hamarkadaren gainetik, eman ziren eztabaida eta hautaketen gainetik paso egitera eramaten du, urte horiek parentesi soil bat izango balira bezala. Errepresioaren kontakizun lineala, bere kontextutik irtetzen da orduan. Bigarren plano lauso batera baztertzen du aukera erabakiorren inguruko istiluak, bai nazioarteko politikaren alorrean (iraultza txinatarrean izandako orientabidea, nazismoaren gorakadarekiko jarrera, Espainiako gerraren inguruko eztabaidak) eta baita barne politikari dagokionean (derrigorrezko kolektibizazioarekiko oposizio trotskysta eta bujariniana, komunismoaren beste ideia baten izenean alternatiba ekonomiko eta sozialen proposamenak!)

Kontrairaultza eta errestaurazioa.

Batzuk deseroso sentitzen dira kontrairaultza ideiarekin, iraultza aurreko egoeraren berrezarpenera eramaten ez duela astakuruarekin. Denbora historikoa ez da itzulgarria fisika mekanikoarena bezala. Filma ez doa atzeruntz. Thermidor igaro ondoren, Jospeh de Maistrek, Iraultza frantziarraren garaiko pentsalari kontserbadorea eta erreakzio gaietan jakituna, nabarmentzen zuen fintasunez kontrairaultza ez dela iraultza bat kontrako norabidean, baizik eta iraultza baten kontrakoa. Bi prozesuak (iraultza eta kontrairaultza) ez dira simetrikoak. Kontrairaultzak, bada, zerbait berri eta ezezaguna ekoiz dezake. Hori izan zen 1848ko iraultzen porroten ondoren Bismarcken Alemanian gertatu zena. Modu berean, Thermidor ez da oraindik Berrezarpena. Imperioa, berriz, xede iraultzaileak eta ordenu berriaren finkatzea nahasten direneko zonalde gris zabala da.

Errusian eman zen kontrairaultza ere, antzeko eremu grisa da non, “sozialismoaren aberriaren” arrakastekin txundituta baina ordaindu behar izan zena ezagutu eta neurtu gabe militante komunista zintzo asko galdu diren. Hogeitamarretan, terrore stalinistari buruz jakin nahi izanez gero, bazegoen asko jakiterik, nahiz dena jakin ez. Han zeuden Victor Sergeren lekukotasunak, Ante Ciligarenak, John Dewey buru izan zuen kontraprozesua, POUMeko eta anarkisten kontrako errepresioaren testigantzak Espainian. Baina garai haietan, borroka antifaszista eta (Isaac Deutscher-en esamoldea erabiliz) “heroitasun burokratizatu"-aren garaian, maiz zaila izaten zen aldi berean etsai nagusiaren aurka eta barnetik suntsitzen duen etsai ez hain bigarrentiarraren aurka borrokatzea. Aktore asko (Jan Valtin, Elizabeth Poretsky, Jules Fourier, Charles Tillon, Orkestra Gorriatik bizirik irten zirenak, eta beste asko) dira “bizitza zarrastatu” horien testigantza.

Izan ere, Stalin agindupeko Sobiet Batasuna etzen Breznev garaiko geraldiarena. Martxa bizian eraldatzen ari zen, burokrazia ekintzaile baten zigorraren mehatxupean. Energia honen sekretuak badu zer ikustekorik Chateaubriand liluratu zuen energia napoleondarrarekin: “Bonaparteren buletinak, diskurtsoak, hitzaldiak eta aldarrikapenak zeukaten energiagatik ziren bereziak, baina energia hori etzen berezko zuen zerbait; garaikoa zen, Bonaparte ahultzen ari zen inspirazio iraultzailetik zetorren, bera –Napoleon— iraultzaren kontrako zentzuan bait zijoan” (Hilobiaz haraindiko memoriak, II, 643 orr.). Ez da, bestalde, bi pertsonai horien arteko deigarri egiten den analogia bakarra: “Napoleonen hazama izandako Iraultza, denbora gutxira, etsai gisa agertu zitzaion eta ez zuen inoiz haren kontra borrokatzeari utzi” (ibid, p.647).

Munduko ezein herrialdetan inoiz ez da Sobiet Batasunean, burokrazia faraonikoaren ukabilaren agindupean eman zen tamainako itxuraldaketa itzela ezagutu: 1926 eta 1939 epean, 30 milioi biztanle gehiago zeuden hirietan, eta populazio osoaren %18 izatetik %33 izatera pasatu ziren hirietako biztanleak. Lehen bosturteko planean soilik, hazkunde tasa %44koa izan zen, hau da 1897 eta 1926 arteko hazkunde haina; soldatapeko lan-indarra biderkatu egin zen (10 milioi izatetik 22 milioi izatera); horrek esan nahi du hiriak masiboki “ruralizatu” zirela, alfabetatze eta hezkuntza arloan ahalgin itzel bat egin zela, laneko disziplina abiada bizian ezarri zela. Itxuraldaketa handi hau nazionalismoaren berpiztearekin batera eman zen, gora-grinaren gorakadarekin, konformismo burokratiko berri baten agerpenarekin. Anabasa handi horretan, dio Moshe Lewinek ironiaz, gizartea, zentzu batean, “klaserik gabe” zegoen, izan ere klase guztiak fomarik-gabeak zeuden, fusio prozesuan (Moshe Lewin, Sobiet Batasunaren formazioa, Gallimard 1985).

Mikhaël Guefter-ek mahai gainean jartzen zuen galdera nagusiaren inguruan (Urria eta Gulag-aren arteko “ibilbide jarraia” edota “bi mundu politiko eta moral desberdinak”), kontrairaultza estalinistaren analisiak erantzun garbia ematen du. Iraultzaren eta kontrairaultzaren periodizazioa ez da kuriositate historiko hutsa. Jarrerak, orientabideak eta egiteko politikoak ordenatzen ditu: lehenari buruz hitz egin daiteke zuzendu beharreko ankasartzeetaz, egitasmo berean orientabide alternatiboetaz; bigarren garaiari buruz, berriz, kontrajartzen diren indar eta proiektuetaz ari gara, hauta bide organizatiboetaz. Ez da famili-liskarra bat. Ez da zuzena atzoko biktimak, borrero eta biktimak biltzen dituen “pluralismo komunistaren” froga gisa aurkeztea. Periodizazio zorrotzak ahalbidetzen du, horrela, Guefterren formula berriro erabiliz, “kontzientzia historikoa eremu politikoan sar dadin”.

Iraultza “goiztiarra”?

Sobiet Batasuna hondoratu zenetik tesi bat berrindartu da: iraultzaren izaera goiztiarregiaren tesia. Horrela izanik, hastapenetik kondenatua zegoen abentura bat izan zen. Tesi hori defendatzen du Henri Weberek Le Monde-ko tribunan (1977ko azaroaren 14ean). Tesi hau oso azkar, 1921etik aurrera, hasi zen erabiltzen mentxebike errusiarren diskurtsoan eta Kautskyren analisietan: garai hartan idatzi zuen odol, malko eta aiurri asko ekidin ahal izango zirela baldin eta “boltxebikeek mentxebikeek zuten automugaketaren zentzua izan balute, hau da egingarria denera mugatzeko zentzua, horretan agertzen bait da norbaiten nagusitasuna”. (Von der Demokratie zur Staatsktaverei, 1921, Radek-ek aipatua Les Voies de la Révolution russe liburuan, EDI, 41 orr.). Formula esanguratsua da. Kautsky abangoardiako partiduaren ideiaren aurka polemikan dabil, baina gogo onez irudikatzen du partidu-maixu bat, hezitzaile eta pedagogoa, historiaren abiada eta erritmoa bere erara erregulatzeko gai dena.

Borrokek eta iraultzek beren logika propioa izango ez balute bezala. Iraultzak “mugatzeko” nahia agertzen danean, ezarritako ordenaren aldera igarotzen da. Ez da orduan auzia partiduaren helburuak “automugatzea”, jendetzaren nahiak mugatzea baizik. Zentzu honetan, sozialdemokratak, Ebert eta Noske guztiak, Rosa Luxemburg asesinatuz eta Bavierako sobietak suntsituz, “automugaketaren” birtuoso gisa kalifikatu ziren. 1917ko urriko botere hartzea eman zen burges liberalak eta erreformistak, otsaila ezkeroztik, gizartearen eta estatuaren krisiari erantzun bat emateko gai izan ez zirelako. “1917-an aukerarik ba ote zegoen?” galderari Mikhaël Guefterrek ematen dion erantzuna askoz ere emankorragoa eta konbentzigarriagoa dirudi “goiztarregia” izanaren tesia baino.

"Auzia erabakiorra da. Arazo honi buruz gogoan luze eta asko ibili ondoren, erantzun kategoriko bat emateko nago: aukerarik ez zegoen. Egin zena orduko irtenbide bakarra izan zen, mila aldiz odoltsuago izango litzatekeen eraldaketa bati, zentzurik gabeko hondamendi bati kontrajarria. Hautua gero planteatu zen. Hautua, baina, ez zen erregimen sozialari, hartu beharreko bide historikoari buruzkoa, bide horren barruan egin behar zenari buruzkoa baizik. Ez aldaerarik (arazoa zabalagoa zen), ezta gailurrera iristeko igo beharreko eskailerarik, adarkatze bat baizik, adarkatzeak”. (Mikhaël Guefter, aipaturiko artikulua).

Adarkatze horiek, bidegurutze horiek, etengabe azaldu dira eta erantzun desberdinak eta kontrajarriak sorrarazi dituzte: 1923an urria alemandarraren aurrean, PEB (Politika Ekonomiko Berria), derrigorrezko kolektibizazioa, industrializazio azeleratua eta planifikazio moduak, herrialdean eta partiduan demokrazia, faszismoaren igokada, Espainiako gerra, itun germaniar-sobietarra. Froga horietako bakoitzean, proposamen eta programetan, orientabide desberdinak aurrez aurre jarri ziren, bestelako hautuak eta garapen posibleak azalduz. Egia esan, izaera goiztiarregiaren tesiak nahitaez eramaten du historiaren ideia batera: historia ordenatua, arautua, erloju baten antzera, non dena iristen den bere ordu justuan. Tesi hau, marxistei maiz leporatu zaien determinismo historiko zurrun eta estu baten sinplekeriatan erortzen da, azpiegituraren egoerak dagokion gainegitura estuki determinatzen duelakoan. Modu simplean baztertzen du gertaera bat: historiak ez duela patu baten indarra, posibleen abanikoa irekitzen duten gertakizunez zulatua dagoela, eta posible horiek ez direla posible guztiak, noski, posibilitateen zeruertza baino.

Liburu Beltza-ren idazleei irakurtzen badiegu, badirudi boltxebikeek, Urriako kolpea garaile irten ondoren, botereagatik botereari edozein modutan atxeki egin zirela. Ahazturik utzi beharra daukate ez zutela boltxebikeek inoiz Iraultza errusiarra abentura bakarti bat bezala pentsatu, iraultza europearra eta mundialaren lehen urrats bezala baizik. Esaten denez, Leninek, botere hartu ondorengo 73. egunean elurren gainean dantza egin zuen, eta horrela egin zuela ez zuelako hasieran espero Parisko Komuna baina denbora luzeago iraungo zuenik. Iraultzaren geroa, bere ikuspegian, loturik zegoen europa mailako iraultzaren hedapenarekin, eta bereziki Alemaniako iraultzarekin.

1918 eta 1923 artean Alemania, Italia, Austria, Hungaria astindu zituzten konbultsioek adierazten zuten benetako krisi europear bat. Alemaniako iraultzaren edo Espainiako gerra zibilaren porrotak, iraultza txinatarraren garapenak, Italian eta Alemanian faszismoak izandako garaipenak ez zeuden aldez aurretik idatziak. Iraultzaile errusiarrak ez dira inolaz ere sozialdemokrata frantziar eta alemaniarren koldarkeria eta saldukeriaren erantzule. 1923tik aurrera, argi geratu zen ezingo zutela epe motzean Europan iraultzaren hedapenarekin kontatu.

Berbideratze erradikal bat egina beharra zegoen. Hori zen hogeigarrengo hamarkadan partidua zarrastatu zuen eztabaidan “sozialismoa herrialde bakar batean” tesiaren eta “iraultza iraunkorra” tesiaren artean eman zen konfrontazioan jokoan zegoena. Iraultza errusiarraren hastapeneko legitimitatea kuestioan jarri gabe, batzuk uste zuten aurreikuspen oker batean oinarritua zegoela, irabazi ezinezko apostua zela. Ez zen ordea iragarpena, orientabide bat baizik, gerraren erroak deuseztatu nahi zuena gerra sorrarazi zuen sistema uzkailiz. Gerratik irtetzean talkaren uhina guztiz baieztatua geratu zen, 1918tik 1923ra. Urria alemandarraren porrotaren ondoren, aldiz, egoera egonkortu zen denbora baterako. Zer egin orduan? Denbora irabazten saiatu, “sozialismoa herrialde bakar batean eraikitzeko” ilusiorik gabe, eta herrialde hondoratu batean? Hori da jokoan zegoena hogeigarrengo urteetako eztabaidetan. Hori da auziaren dimentsio politiko guztia, gaiaren interesa.

Eremu ekonomiko eta sozialean, PEB-ak erantzunaren elementu bat eskaini zuen, baina politika hori gauzatzeko beste modu batez landutako pertsonala beharko litzateke eta ez gerrako komunismoaren metodo bizkorretan hezitutako jendea. Eremu politikoan, orientabide demokratikoa zen premiazkoa, pluralismo sobietar baten adierazpen elektoralaren bidez gehiengoaren legitimazioa bilatuko lukeena. Nazioartean, berriz, politika internazionalista bat beharko litzateke, partidu komunista desberdinak eta beraien politika, Kominter delakoaren bidez, estatu sobietarraren interesetara subordinatu gabe. Hautu hauek, partzialki bederen, planteatuak izan ziren. Ez ziren eztabaida lasaiak izan, errukirik gabeko konfrontazioak baizik. Borroka hauetan garaituak izan zirenak ez zeuden oker. Izan ere, iraultzen kontabilitate makabroa gogobiziz egiten bada ere, zailagoa da eragotzi edo suntsituak izan ziren iraultzen kostea balioestea: 1918-1923ko iraultza-eza alemandarrak eta 1937ko iraultza espainiarra suntsituak ezin dute loturarik ez izan nazismoaren garaipenarekin eta bigarren gerra mundialaren deskalabruekin.

Bene benetako erantzukizunak ezartzeko, historia, alternatiba politiko handien inguruan periodizatu behar da. Hori da hartu eta berraztertu behar den haria. Iraultza goiztiarregiaz soilik hitzegiteak, aitzitik, historiaren tribunalari epaia eskatzera eramaten gaitu, gatazkaren eta aurrez aurrez jartzen diren politiken barne-logika ulertzera jo beharrean. Izan ere porrotak ez dira errorearen frogak, hala nola garaipenak ez diren egiaren frogak: “Arrakasta inozentziaz balioetsia izango balitz; baldin eta, geroko belaunaldiak ere ustelduz, bere kateekin zamatuko balitu; baldin eta, etorkizuneko esklaboa, iragan esklabo batez ernaldua, geroaldiko jende sobornatu hori garaile izandako edonoren konplize bihurtuko balitz, non leudeke eskubidea, non sakrifizioen ordainsaria? Ongia eta gaizkia erlatiboak baizik ez balira, giza jardunean moralitate guztia ezabatua geldituko litzateke” (Chateaubriand, Hilobiaz haraindiko memoriak.)

Historiaren azken judiziorik ez badago ere, bere garrantzia du, hautu bakoitzaren aurrean, bidegurutz eta adarkatze bakoitzean, beste historia posible baten pista, urratsez urrats, ondo markatua egotea. Horrek gorde eta iraunarazten du iraganaren ulergarritasuna eta etorkizunerako ikasgaiak ateratzea ahalbidetzen du. Hamar egunez mundua hunkitu zuen gertakaria ezabatzea ezinezkoa litzateke. Gertakizunaren su iragankorrean agertu zen gizatasunaren, unibertsaltasunaren eta emantzipazioaren promesa “gizadiaren intereseekin nahas-mahasegia dago” hartaz ahazteko. Konformismoaz mehatxaturiko jaurespen baten erantzule eta jasole, gure lana da gertakizuna “berriro gogoan hartua” izatea ahalbidetuko dituzten zirkunstantziak piztea.

Aipaturiko izenei buruzko oharra. (Testuan agertzen diren ordenean)

***Maïakovski : Poeta, iraultzaren kantorea. Burokrazia kritikatzen du. Etsituta, 1930ean bere buruaz beste egiten du.

*** Adolf Joffé : Iraultzan paper garrantzitsua bete zuen Leninen ondoan. Botere boltxebikearen ordezkaria Berlinen, eta gero Tokion. Trostskyren laguna, atxilotua izan zen eta deportatua. 1927an bere buruaz beste egin zuen Trotskyrentzat agur-gutun bat utziz.

***Kurt Tucholsky : Idazle alemaniarra, kritikatu zuen bortizki nazionalismoa eta militarismoa. Bere liburuak naziek sutan kixkaliak izan ziren eta bere nazionatasuna ukatu zioten. Suedian errefuxiatua, 1935ean bere buruaz beste egin zuen.

***Walter Benjamin : Idazle eta filosofo bikaina. Barbarie naziarengandik ihesi, Frantzia utzi nahi du eta Estatu Batuetan babesa lortu asmoz, Espainiako mugak blokeatua gelditzen da eta 1940ko irailaren 26ean bere buruaz beste egiten du.

***Sukarno : Indonesian estatu-kolpe baten bidez boterea hartu zuen generala. Berehala komunisten garbiketa odoltsuari ekin zion (ehundaka mila batzuk hildakoak). Bere gerra ministroa izan zen Suharto generalak bota zuen boteretik.

***Rosmer : Vie ouvrière-ko kolaboratzailea eta PK-ren arduraduna. Trotskyrekin harreman estuak zituen eta PK-tik egotzia izan zen 1924ean.

***Eastman : Intelektual amerikar nabarmena. 1922an Moskun Trotskyrekin lotzen da.

***Souvarine : III Internazionalaren Komitearen animatzaileetako bat, PKaren ordezakaria Internazional Komunistan. 1925ean Trotskyren jarrearen alde agertzen da eta PK-tik kanporatua izan zen. Stalini buruzko lan kritiko handi baten egilea.

***Panait Istrati : Idazle errumaniarra. 1929an Errusiara egindako bigai batean, erregimenaren kritika zorrotz bat idazten du (Vers l´autre flamme).

***Zamiatine : Nobela idazle errusiarra, 1931an Stalinen baimenarekin emigratua.

***Boulgakov : Idazle errusiarra. Bere lanaren gehiena ez da argitaratua izango Stalin hil eta ondoren arte.

***Mandelstam : poeta errusiarra, 1933an atrxilotua, deportatua, exiliatua, berriro deportatua, 1937an hil zen igarobideko kontzentrazio eremu batean.

***Anna Tsétaïeva: Idazle eta poeta, bere buruan beste egin zuen 1941ean, URSSera itzuli eta gero.

***Babel : Nobela egilea, Zaldunderia Gorria-ren egilea. 1941ean exekutatua izan zen. 1954an errehabilitatua.

***Joseph de Maistre : Politiko eta idazlea. 1793 emigratzen du. Monarkikoa, Frantziari buruzko kontsiderazioak idatzi zuen (1796) eta Aita Santuari buruz (1819).

***Victor Serge : Militante iraultzailea, Ezkerreko Oposizioaren kidea. Idazlea, ipuin eta nobela askoren egilea.

***Ante Ciliga : PK yugoslabiarraren Komite Zentraleko kidea eta Kominternekoa. 1928an URSSera joaten da eta ezkerreko oposizioko kide egiten da. Atxilotua, Siberiara deportatua, 1936ean kanporatua. Gezur nahasiaren herrian liburuaren egilea.

***John Dewey: Pedagogo eta filosofo amerikar ospetsua. 1936ean parte hartu zuen Trotskyren defentsaren aldeko Komite amerikarrean.

*Daniel Bensaïd Paris VIII-Saint Denis Unibertsitateko filosofia irakaslea, Contre-Temps aldizkariaren zuzendaria eta Frantziako LCRko kidea eta IV Internazionaleko zuzendaritzakoa izandakoa. Artikulu hau 1997an idatzia izan zen Stéphane Courtois-en zuzendaritzapean argitaratu zen Komunismoaren Liburu Beltza-ri erantzun gisa. Daniel Bensaïd 2010 urtarrilaren 12an zendu zen Parisen

Euskarara itzulpenaren egilea: Joseba Barriola





Boletín semanal
Recibe en tu correo electrónico los últimos artículos de nuestra revista digital, así como las novedades y eventos
Agenda
Actos
Langreo. 2017-ko azaroaren 22a, 19:00h
Langreo. Martes 22, 23, 24 de noviembre de 2017. 19 h. 1917-2017 Recuperar la esperanza Participan (Ver cartel de anuncio) -Organiza: Fundación Adreu Nin
Casa de Cultura "Alberto Vega" de la Felguera Plaza Eduardo Merédiz
Actos
BILBAO. 2017-ko azaroaren 24a, 18:00h
Bilbao. Viernes 24 de noviembre de 2017. 18 h. El proceso catalán y la vía vasca a la soberanía nacional Martí Caussa -Procés Constituent Catalunya; Arnaldo Otergi -Coord. general de EH Bilbu -Organiza: Hitz&hitz fundazioa - Iratzar fundazioa
Arrupe Etxea-Casa Arrupe Aita Lojandio kalea, 2
Actos
Madrid. 2017-ko azaroaren 24a, 19:00h
Madrid. Viernes, 24 de noviembre de 2017. 19h Por qué decimos NO al 155? Eva Pons, Begoña Lalana, Javier Álvarez
FUNDACIÓN ANSELMO LORENZO C/PEÑUELAS 41 Metro: Embajadores, Acacias
Actos
Donostia. 2017-ko azaroaren 25a, 11:30h
Donostia. Sábado 25 de noviembre de 2017. 19 h. (Camins a récorrer) Erabakitzeko eskubidea (Caminos a rerorrer) Ernest Luch Kultur Aretoa Participan: Laura Mintegi, David Fernández, Jaime Pastor -Organiza: Demagun taldea
Ernest Lluch kultur aretoa Anoeta pasealekua 7
Actos
Langreo. 2017-ko azaroaren 23a, 19:00h
Langreo. Martes 22, 23, 24 de noviembre de 2017. 19 h. 1917-2017 Recuperar la esperanza Participan (Ver cartel de anuncio) -Organiza: Fundación Adreu Nin
Casa de Cultura "Alberto Vega" de la Felguera Plaza Eduardo Merédiz
Actos
Langreo. 2017-ko azaroaren 24a, 19:00h
Langreo. Martes 22, 23, 24 de noviembre de 2017. 19 h. 1917-2017 Recuperar la esperanza Participan (Ver cartel de anuncio) -Organiza: Fundación Adreu Nin
Casa de Cultura "Alberto Vega" de la Felguera Plaza Eduardo Merédiz
foro viento sur
Barcelona. 2017-ko azaroaren 29a, 19:00h
Barcelona. Dimecres, 29 de noiembre de 2017. 19h Les raons d'octubre Andreu Coll, Laia Facet, Marc Casanovas
C/FONT HONRADA 32 BARCELONA . METRO L3 Poble Sec - L1 Espanya







Facebook Twitter RSS

vientosur.info | Diseño y desarrollo en Spip por Freepress S. Coop. Mad.
 
Reconocimiento-NoComercial-CompartirIgual Los contenidos de texto, audio e imagen de esta web están bajo una licencia de Creative Commons